Merezi duzulako
Luisen motxila ez dago hutsik
Jaio nintzen tokian etxe handi asko daude, kolonbiako hiribura da hain zuzen eta Bogota du izena. Bertan, familia handia daukat: izeko eta osabak, lehengusu eta lehengusinak eta baita lagun asko ere, adibidez Lucho da orain burura etorri zaidan horietariko bat.
Egun batzuk barru hara joango naiz oporretan eta guztiak ikusiko ditut.
Sei urte nituenean, hegazkina hartu eta hango familia eta lagunak utzi nituen eta Burgosera etorri nintzen Frantziatik eta Bartzelonatik bidaiatu eta gero. Ez zen lehenengo aldiz nik hegazkin bat hartzen nuena. Izan ere, txikiagoa nintzenean beste bat hartu nuen Venezuelara joateko.
Burgos ez zitzaidan gehiegi gustatu, hotz handia egiten zuen eta zaila izaten zen lagunak kalean topatzea, horrexegatik pozik etorri nintzen Euskal Herrira, aldatzeko gogoa neukan.
Garai hartako gogoramen onak ditut: Bakioko hondartzara joan ginena eguna pasatzera, eskolako lehen egunak, nire ondoan izan ziren andereño eta lagunak, euskara ikasteko gogoa ...
Zazpi urterekin etorri nintzen Zamudioko eskolara, pozik sartu nintzen eskolan. Nahiz eta pentsatu euskara oso hizkuntza zaila zela, baneukan gogoa beste hizkuntza bat ikasteko eta uste dut lortu dudala. Eskolan izan nuen lehen andereño Bea izan zen, eta Cristinarekin batera lagundu zidaten euskararekin hasierako urtean. Oraindik gogoratzen dut eskatzen zidatena ez nuela egiten, hitz batzuk ulertzen ez nituelako. Ez nuen gaizki hartzen, “errakuntzetatik ikasten da" eta uste dut hori normala dela. Andereño eta maisu guztiei eman nahi dizkiet eskerrak, baina bereziki nire buruan batzuk toki berezia izango dute: Marije, Gloria, Belen ...
Eskolako motxilan gauza asko sartu ditut: euskara, irakasleak, lagunak, ... Bai, lagun onak ere egin ditut: seigarren mailako Mikel eta Yerai eta 5. mailako Ane, Nerea eta Nahia. Baita ere Mikel Urdangarin “Non geratzen den denbora” eta Hertzaina taldearen “Aitormena” kantak motxilan dauzkat Bernardo Atxagaren “Xola eta basurdea” liburuarekin batera.
Datorren urtean Institutoan egongo naiz eta bertan ikasiko dut. Hemen ezagutu dudana uztea apurtxo bat kostatuko zaidala esan behar dut, baina jakin ezazue ez naizela bakarrik joango, motxila gauza txikiez beteta daukat eta niretzako gauza txikiek garrantzia handia dute. Baina gauza positiboak bilatzen animatuko naiz:
- Lagun berriak egingo ditut eta hemengoak ez ditut galduko. Pozik nago nire lagun onenak elkarrekin zoriontsu daudelako, eta gainera blog honen bitartez jarraituko dut zuekin harremana izaten;
- Hemen ikasi dudana barruan daukat eta aterako dut ahal dudan guztietan.
Kolore argia aukeratu dut euskara margotzeko. Gauza alaiak kolore argiez margotzen dira, eta niretzako euskara alaia da.

Zabaldu
del.icio.us